Mencos Fundazioak lehenbiziko aldiz erakusten du Tafallan, udako asteburuetan, XIX. mendeaz geroztik bildutako sanferminetako oroigarrien bilduma.
Sanferminetako objektu historikoen erakusketa bat, Iruñean egiten ez dena. Beharbada hori izan daiteke albisterik deigarriena. Izan ere, Tafallako Mencos familiak, lau belaunalditan zehar, festen inguruko objektu ugari bildu eta zaindu baititu: kartelak, esku programak, argazkiak... Orain Mencos Fundazioak ulertu du material hau erakusteko modukoa dela eta horregatik bere jauregiaren ateak zabaldu ditu, Mencos familiaren oinetxearenak, Tafallako Rincón de los Mencos delakoaren 1. zenbakian.
Erakusketa uztailaren hasieran inauguratu zuen Joaquín Mencos Doussinageue-k, Errege Defentsako markesak. Honek bere aita aipatu zuen, Tiburcio Mencos y Bernaldo de Quiros, hauxe izan baitzen orain ezagutzen dugun artxibo honen bultzatzaile nagusia. Erakusketa bitrinetan eta garaika antolatua dago, eta XIX. mendeko 80ko hamarralditik egundainokoa biltzen du bere baitan. Fernando Hualdek Diario de Noticiasen aipatzen duenez, lehen esku programa 1881ean editatu zuen Iruñeko Udalak, gainera, azal artistikoa eta koloretakoa zeukana. Ordu arte soilik kartel bat zegoen, Nafarroako, ondoko komunitateetako eta Frantzia hegoaldeko udaletxe guztietan kokatzen zena.
Tafallako erakusketa ikusteko, udako jaiegunetan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, Palacio de los Mencos izenekoan.