2008ko entzierroak hamarkada osoko garbien eta lasaienak izan dira: adarkadaz lau lagun baizik ez dira zauritu baizik ez dira eta berrogeita bost lasterkari ospitaleratu dira, denera
2008ko Sanferminak bukatzear daude eta "Pobre de mi" ekitaldirako ordu batzuk falta badira ere, bederatzi egun hauetan gertatutakoaren balantzea egiteko tenore egokia da hau.
Aurtengo zortzi entzierroei dagokiela, aspaldiko partez lasterketa garbi eta lasaienak izan direla esan beharra dago: zezen adarrek lau lagun baizik ez dute zauritu eta beste berrogeita bat, era askotako ezbeharrak noziturik, Iruñeko ospitaletara eraman dira. Zezenek zauritutako pertsona-kopurua dela eta, antzeko emaitzen bila 1998ko Sanferminetaraino joan beharko genuke: orduan adarkadaz hiru zauritu baizik ez ziren izan.
Arriskutsu ospea zuten ganadutegietako hiru -Jandilla, Dolores Aguirre eta Nuñez del Cuvillo- ez dira halakotzat agertu; alderantziz, bertako adardunek zintzo jokatu dute, adarkada-keinurik egin gabe eta jendearen kontra oldartu gabe. Dolores Aguirre behitegiko zezenek (uztailaren 12ko entzierroa jendez josita egin zutenek, alegia) lasterkari bakar bat adarkatu zuten, salbuespen gisa. Horiekin batera, Cebada Gago, Fuente Ymbro eta El Ventorrillo ganadutegikoek, Iruñean estreinakoz, eragin zituzten gainerako adarkadak Bilboko 31 urteko gizonezkoari, 28 urteko Valladolidekoari, 22 urteko Kaliforniakoari eta 26 urteko Kolonbiako gizasemeari.
Adarkadaz zaurituriko horietatik, berriz, 31 urteko bilbotarrari -Cebada Gago ganadutegiko zezenak adarkatutakoari- baizik ez zaio senda-agiria eman. Gainerako hirurek eta beste lau lasterkarik -gaurko entzierrokoak barne- ingresaturik segitzen dute Bideko Amabirjinaren Ospitalean eta Nafarroako Ospitalean.
Zauritutakoen atalean aurki dezakezue informazio zabalagoa